Zer kontatzen dizudan
Nahi duzu nola kontatzen gaituzten kontatzea?
Nahi duzu kontatzea ez gaituztela kontatzen?
Nahi duzu gaizkikontatzen gaituztela kontatzea?
Orain irakurriko duzun hau ez da penaz betetako istorio bat, baizik eta falta direnak dauden bihurguneetatik kontatutako istorioa. Nolanahi ere, ukabil itxien istorioa da, egoteko eta ez soilik izateko borroka etengabea (ikusezinak).
Ai! Ongikontatuko bagintuzte, gutxienez kontatuko bagintuzte, ezagutza globalez mintzatzen ariko ginateke, eta horrek barne hartzen ditu testu-liburu edo fikziozko ikus-entzunezko ekoizpen askoz ere aberatsagoak. Aurreko horrek barne hartzen du, halaber, orainaren errealitatea, aniztasunaren aurrean itsu, aldaketak eta hutsunea islatzen duen ispilua apurtzea aldarrikatzen duten oihuen aurrean gor diren komunikabideek kontatua, erakusten dutenaren arabera pertsona beltzok ez garela existitzen ematen baitu.
Eta hemen bai, penaren txanda. Ez nirea, pena global batez ari naiz; izan ere, betiko agertokia ikuspegi askoz gehiagotatik ikusteko aukera galtzeak, inoiz imajinatuko ez zenituzkeen angeluekin, pena handia ematen du.
Bestalde, gizartearen egiazko ordezkaritza eskatzeak, haren elementu guztiak kontuan hartuta, ez du zerikusia erakusten (ez) dizkiguten kanalen kalitatea hobetzearekin soilik, benetan jokoan sartzen dena egia da. Justizia ere bai. Badakit kontzeptu oso handiak direla, baina ez daude inola ere ausaz erabiliak. Une honetan, telebistan edo prentsan ikusten ditugun gizakiak, batez ere gizonak, batez ere zuriak eta batez ere Ipar globalekoak, egunero kalean aurkitzen dugunetik bereizten dituen distantziari ezin zaio arrakala deitu, trilioika kilometroko sakonerako duen hobi baizik.
Baina azeleratzen ari naiz; beraz, has gaitezen hasieratik. Ez hasiera honetatik, zuretik, zure bizitzako urteenetik, askoz ere atzeragorik baizik.
Duela gutxi Prado Museoan izan nintzen, munduko pinakoteka handienetako batean. Bertan dagoen guztia goiz bakar batean ikustea ia ezinezkoa da, bildumaren tamaina dela eta; beraz, erdiko solairura eta haren inguruetara mugatu nintzen. Miretsi ahal izan nituen koadro harrigarrietan, hainbat errege, noble, kleriko eta jauregiko funtzionarioen erretratu ugari zeuden, bufoiak, eszena bibliko eta mitologikoak ere bai, zaldi, dragoi eta txakur dezente, eta gertaera historiko garrantzitsuak jasotzen zituzten zenbait kronika piktoriko.
Ez ditut bi esku behar obra haietan zeuden pertsona beltzak kontatzeko. Errege Magoen Gurtza batzuk, eta, halabeharrez, baltasar batzuk beren pajeekin, esklabo batzuk, eta, horien artean, ondo nabarmendutako bat, bere “jabea”, Diego Velázquez (bide batez, “Emausen afaria”-ren egilea, “mulata” ere deitua), izan zena imitatuz pintzelak hartu eta margolari bihurtu zena: Juan de Pareja, zeina ikusi ahal izan nuen, bere burua trebetasun handiz erretratu zuelako, oso eskoratua, hori bai, “San Mateoren bokazioa”-n.
Agian, bere koadro propioan ateratzearena irudikapen falta modu bat izan zen, garai hartan jada (XVII. mendean) anitza zen, baina, gaur bezala, zuri agertzea erabakitzen zuen Espainia bateko Andaluzian. Hala ere, zentzu handiagoa zuen testuinguru horretan; izan ere, eskuarki, erretratua jasotzeko aukera boterea zutenena (kleroa eta erregetza) edo haren ondoan ibiltzen zirenena baino ez zen. Gainerakoak ertzetan zeuden, eta afrikarrak eta haien ondorengoak, esklabo guztiak, ertzen ertzetan.
Etengabe eta arrakasta handirik gabe bilatu nituen emakume beltzak, desoroimenaren eta despresentzia kontzientearen kategoria nabarmenean kokatuak, “Diana eta Calisto”-rekin topo egin nuen arte.
Rubensen margolan bat da, Ovidio poetaren “Metamorfosia”-ren eszena bat margotzen duena. Justu Diana jainkosaren azpian, bainu eszena batean hankak igurtziz, bera zegoen, nire helburua eta aurkikuntza, biluzik, gainerakoak bezala, beso sendoekin, bular tenteekin eta txano txiki batez estalitako ile kizkurrarekin, esklabotzat hartutako zerbitzariarena egiten.
Nire ikerketa denboran bat etorri da doi-doi “Invitadas. Fragmentos sobre ideologías, mujeres y artes plásticas en España (1833- 1931)” [“Gonbidatuak. Ideologiei, emakumeei eta arte plastikoei buruzko zatiak Espainian (1833-1931)”] erakusketarekin, zeinaren “helburua den ezarritako botereek ikusizko arteen bidez, Isabel II.aren erreginalditik haren biloba Alfontso XIII.arenera emakumeak gizartean zuen papera defendatu eta hedatzeko moduari buruzko hausnarketa eskaintzea”, agerian utziz museoak bizirik lurperatu zirenak lurpetik ateratzeko eta merezi zuten espaziora itzultzeko duen borondatea.
Eta horretan ari gara emakume beltzak ere, abizen hori behar dugunok, “beltzak”, bestela, besterik gabe “emakumeak” aipatzen baldin baditugu, ia guztiei betikoak etorriko baitzaizkie burura, zuriak, imajinatuak izateko inongo epitetorik behar ez dutenak. Gu kanpoan.
Zenbat aldatu da gaur egun ikusten dugun irudikapena 1635 inguruko data duen pintore barrokoaren obrarekin alderatuta, edo goiz hartan pinakotekan ikusi ez nuen guztiarekin alderatuta?
Gutxi.
Zinemari helduko diogu.
Pertsona beltzak esklabo, zerbitzari edo etxeko langile gisa agertu diren filmak eta telesailak oso ohikoak dira, berdin dio noiz grabatu ziren. Horren adibide dira “Doce años de esclavitud”, “Amistad”, “El mayordomo” eta “Criadas y Señoras”. Besteen familiak zaintzen eta zerbitzatzen dituzte, beraienak edo ez dira agertzen edo, bestela, bigarren mailakoak dira. Espainiako Estatuan, denboran gertu, tipologia hori aurkitzen dugu “Ahí abajo”-n ere, zeinean hizketa-doinu brasildarra daukan zaintzaile brasildarra dagoen, protagonistetako bat den Peioren amaz arduratzen dena. Ederra da, sexya, ondo dantzatzen du eta, bide batez, “birjintasuna kendu” zion (aurrerago aipatuko dudan beste topiko batean sakonduz, gorputz beltzen hipersexualizazioan). Jakina, pertsonaia nagusiekiko mendekotasun-egoera markatu ohi dute, baina, rol protagonikoak betetzen badituzte ere, mota honetako pelikuletarako ezarritako narratibatik edatera jotzen dute: sufrimenduarena, jipoiak jasotzera hain ohituta dauden gizakiak (beltzak) erakusten dituena, non une jakin batean jipoi horiek ikusten dituena ez den asaldatzen. Jakina, emakumeen kasuan, bortxaketak saihestezinak izan ohi dira. Mina eta min gehiago.
Hemen ere gertatzen da mota horretako narratiba, oso gaizki pasatzen duten pertsonaia migranteek bizitakoa, edo, bestela, Afrikako testuingurura aplikatua. Azken urteotan horren lekuko diren hainbat film ikusi ditugu: “Palmeras en la nieve”, “El cuaderno de Sara” o “Black Beach”.
Hiru film horietan, pertsona beltzen irudikapenean ez ezik, Afrikarenean ere ohikoak diren topiko batzuk nahasten dira:
1. Baliabide naturaletan aberats den herrialde pobrearena, hain zuzen ere, horregatik ahal duten guztia lapurtzeko asmoa duten beren (diktadoreen) eta besteen (multinazionalen) piztien habia bihurtzen dena, nahiz eta horrek gerrak edo ezegonkortasun handiko giroa sortu. Emakumezkoek, jakina, ber bi pairatzen dute, herrikideek egindako bortxaketak nozitzen dituzte, eta zuzendari batzuek horietan atsegin hartzen dute. Egia esan, gizaki beltz bortxatzailearena, planetaren luze-zabalean, ohiko ospe txar topikotzat har liteke. “Nazio baten jaiotza” lanean, 1915ean, ikusten zen jada. Gorputz beltz batzuen deshumanizazioaren eta animalizazioaren emaitza da, beren sen sexualak kontrolatzeko ezgauza ikusten dira. Historikoki, konstruktu baliagarria izan da gizon beltzei egin gabeko krimenen errua leporatzeko (Estatu Batuetako hegoaldeko lintxamenduak horren paradigma odoltsua izan ziren), baina baita emakume beltz batzuei, zeintzuei buruz probokatu egiten zutela esaten zen, eraso egiten zieten bortxatzaile zuriak erruetatik askatzeko ere. Irudi beltz limurtzaile eta bero hori aurrez aipatutako filmean ere ikusten da.
2. Pertsona zuri salbatzaileena. Berdin dio kontinentea zapaldu berri badute ere, jaiotzetiko ezagutza mota bat dela medio, bertakoak baino hobeto molda daitezke, eta haiek “behar” dute arazoak (gehiegitan desideologizatuak, ahistorikoak eta gatazka etnikoetara murriztuak) konpondu ahal izateko. Ia beti izaten du ezkutari leialen bat, Sancho Panza On Kixoterena den bezala, basati on bat, iritsi berriaren bizitza aurretik jartzen duena eta behar duen guztian laguntzen diona. Roxane Gay idazleak “beltz magiko” bataiatu zuen figura hori. Gainerako pertsonaia beltzak beren lurraldean gertatzen denaren lekuko, figurante edo biktima izaten dira.
3. Arrazen arteko maitasunak “salbatzailetasun” eta batez ere ezinezko harreman erromeojulietatar konnotazio batzuk ditu. Pisu kuantitatibo handiagoa du gizon zuriak (zeinak bidaiatu egiten duen), Errauskineren gisako emakume beltz dohakabe eta koitaduarekin daukanak; hori gainerakoetatik nabarmentzen da, gainerakoak pantera hipersexualak, putak edo “solteak” direlako. Hala ere, istorioa mendebaldeko agertoki batean gertatzen denean, alderantziz gertatzen da. “Adivina quién viene esta noche”-k, AEBn, zein aberriko bertsioak, “Es peligroso casarse a los 60”, hala erakusten dute. Hor ez dago salbatzailetasun izpirik ere gizon beltzaren aldetik, zeinak noblezia-titulua edo beste edozein izaera gizatiar edo intelektual salbuespenezkoa daukanez, maitearen gurasoak konbentzitzen dituen maitearekin egoteko.
Hala ere, maitasun istorio asimetrikoen adibideak ere badira iparraldeko lurretan, hala nola “Mar de plástico”-n; hor, nekazaritza-ustiategiaren jabea bere langile migratzaileetako batekin maitemintzen da eta, aldatzeko, bere egoera lazgarritik salbatzen du.
Nekagarria izan behar du mendeak eramatea super-heroia izaten.
Jarrai dezagun Espainiako Estatuan, hemen, gidoilarien ikuspegitik zuriak ez diren pertsonak migratzaileak baino ez dira. Errealitatearen irakurketa hain mutilatu horrek eragiten du hemen jaiotako aktoreek edo hemen denbora luzea daramatenek, beren etxean daudela, kanpoko hizketa-doinuak kopiatu behar izatea. Haiek direna izatea ezinezkoa balitz bezala. “Amanece que no es poco”-n, 1989ko film batean, Ngue, mutil beltz bat, atsekabetu egiten zuen bere osaba, gurutzatzen ziren bakoitzean, harritzeak (eta beldurtzeak) eta “hara, beltz bat” oihukatzeak, inoiz ikusi izan ez balu bezala.
Hizketa-doinuari buruzko aginduaren ondorioz, obra berean elkarrekin zerikusirik ez duten hitz egiteko moduak entzuten dira.
Hala eta guztiz ere, ekoizpen batzuetan beltzek ez dute atzerriko hizketa-doinurik; hala ere, beren jatorria azaldu ohi dute, zergatik diren beltzak argitzeko, eta, halako batean, migrazioaren gaiarekin duten lotura agertzen da. Zuriak ez garen pertsonoi nongoak garen galdetzea ohikoa den errealitateari egokitzen zaio hori, jakin nahi dutena nondik gatozen den arren.
Orain arte, ziegei buruz hitz egin dut, gizaki-taldeak modu bakan batzuen bidez kontatzea kartzelatzea baita; izan ere, barrote klasiko bat heterosexualitatearena da, bereziki gizonezkoei eragiten diena, ia beti testosterona zakutzat hartzen baitira. “The Wire” telesailak ideia hori apurtzen lagundu zuen Omar pertsonaia fantastikoarekin, kaleko gizon gogorra eta homosexuala. Zorionez, duela gutxiko espainiar zinematografian ere badira gizon beltz gayak agertzen diren pare bat adibide: “Señor, dame paciencia” eta “Lo nunca visto”.
Zalantzarik gabe, proposamenik onenak, nire ustez, talentuz eta narratiba homogeneo hegemonikoa, lehertu arte, pitzaduraz bete beharraz sortzen duten komunitateetatik abiatzen dira. Beatriz Mbula (“Asunto casting” liluragarriarekin) eta Isabel Lola (“Besop@”-ekin) zuzendari eta gidoilariak lan bikaina egiten ari dira. Urte gehiagoko esperientzia eta ibilbide oparo eta laudatua atzean duela, Santiago Zannou paregabeak hamarkadak daramatza egia asko kontatzen dituzten pelikulak, iragarkiak eta bideoklipak zuzentzen, aurpegi, jatorri eta sinesmen gehiagorekin.
Tarteko bide nahiko interesgarria “Oh, my Goig” da, Kataluniako ekoizpen bat, gaztetasunaz hitz egiteko gazteen parte-hartzea behar zela ulertu zuena. Horrenbestez, aholku-batzorde bat sortu zuten, gaiak proposatzeko eta telesailean hainbat gai (arraza, disidentzia sexoafektiboa, eta abar) nola planteatu aztertzeko. Eta, gero, antzerkitik edo Instagrametik eraldatzen dutenak daude, eta beharrezko abar eta abar oso luzea. Aspaldi utzi zioten sortzaile beltzek harrobi izateari, eta liga profesionalean daude orain. Laguntza baino ez da falta, eta palestra eduki ahal izatea, distira egin dezaten.
Tira, ba, kontatu dizut dagoeneko..