Ziberindarkeriak eta gazteria

Ziberindarkeriak eta gazteria

Askok nabaritu dugu nola bihurtu diren Internet eta sare sozialak ezinbesteko tresna gure eguneroko bizitzan. Tresna horiek aukera ematen digute ingurunearekin eragin-trukea izateko berehala eta modu bisualagoan, eta gure eguneroko bizitzako zatiak erakusteko publiko mugagabe bati. Horregatik, milaka interakzio sozial ikusten ditugu Interneten: argitalpenak, istorioak, iruzkinak edo bideoak ikusten ditugu; ikus-entzunezko eduki horren bidez, gure ingurunearekin komunikatzen gara. Era berean, funtsezkoa da argitzea sare sozialek aurrerapen bat dakartela gure gizartean, berehalakotasunagatik eta informazio asko lor dezakegulako “klik” huts bat eginez; baina ez dira ahaztu behar berekin dakartzaten arriskuak, besteak beste, ziberindarkeriak, pribatutasunaren galera eta gehiegizko erabilera. Ziberindarkeria eta iruzkin iraingarriak etengabeak dira online sozializatzeko moduan.

Sare sozialen erabileraren ondorioz, hainbat ziberindarkeria-mota daude: genero-ziberindarkeria, ziberjazarpena, gorroto-diskurtsoa, sexpreadinga, sextorsiona edo sharentiga, besteak beste. Hori gertatzeak ez gintuzke harritu behar, sare sozial bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako; beraz, “zuzenean” gertatzen denaren isla besterik ez da. Ildo berean, indarkeria berberak errepikatzen dira, eta onartu eta normalizatu egiten dira gure gizartean, aurrez aurreko indarkeriaren ezaugarri desberdinekin, jakina. Beraz, oraindik lan handia dago egiteko kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren arloan. Baina zergatik normalizatu da Internet bidez irainak eta gorrotoa jasatea?

Belaunaldi honetako gazteak sare sozialen bidez komunikatzen dira beren artean, horrek aukera ematen baitie lagunekin (etapa honetan ezinbestekoak) edozein unetan eta edonon hitz egiteko. Gainera, online sozializazioa aukera bikaina da lagunekin harremanetan egoteko, jende berria ezagutzeko eta ikuspuntu desberdinak ulertzeko. Hala ere, hainbat bertute dituen arren, online komunikazioak gabeziak eta akatsak ere baditu, hala nola enpatizatzeko zailtasuna sare sozial batean hitz egitean edo beste pertsona batzuen irudiak ikustean. Askotan, badirudi gizarteak ahaztu egiten duela sare sozialetan kontsumitzen dugun eduki horren atzean benetako pertsonak daudela, jakina, sentimenduak dituztela, eta gure iritziak eragina izango duela haien autokontzeptuan edo osasun mentalean.

Osasun mentalari dagokionez, nire ustez, gainditu gabeko irakasgai bat dugu: jazarpen psikologikoak ere min ematen duela ulertzea eta onartzea. Behin baino gehiagotan entzuten dugu ahozko erasoak nola justifikatzen diren, “txantxa da” edo “ez da hainbesterako” esanez, eta nola kentzen zaion garrantzia jazarpen psikologikoari. Kontzientzia hartu behar dugu irainek, mehatxuek edo umiliazioek min ematen baitute, eta kaltea ikusten ez bada ere, jazarpen-zantzurik ez dagoelako, gorrotoeta errespetu-falta horren hartzaileak sufritu egingo baitu.

Bestalde, batzuetan, ziberindarkeria adierazpen-askatasuntzat hartzen da ingurune digitalean. Adierazpenaskatasunaren eta errespetu-falten artean dagoen lerro finak zaildu egiten du ziberindarkeria-mota batzuk atzematea, hala nola gorrotodiskurtsoa Interneten. Pertsona batzuk sare sozialetan gehiegi egoteari lotuta dago hori; jazarleek hala justifikatzen dute, behintzat. Alabaina, ez dugu ahaztu behar, gure eguneroko kontuak sareetan erakustea edo informazio pertsonala ematea arriskutsua izan daitekeen arren, ez dela legez kanpokoa; beste pertsona batzuei iruzkin iraingarriak egitea eta haiek ez errespetatzea, berriz, bada.

Sareko jazarpena errazten duten faktoreetako bat da edukiak azkar biralizatzen direla; are gehiago, jazarpena errazteaz gain, ugaritu egiten du, jazarpen horretan askoz lekuko eta partehartzaile gehiago baitaude.

Anonimotasuna da Interneteko jazarpena errazten duen beste faktoreetako bat. Askotan ikusten dugu aurrez aurre besteen aurka indarkeria sekula erabiliko ez luketen pertsonek nola erabiltzen duten ziberindarkeria; pantaila baten atzean ezkutatuta, erasotzeko libre sentitzen dira inolako eskrupulurik gabe.

Biktimaren erruduntasuna da ziberindarkeria-kasuetan ikusten dugun ondorioetako bat. Sexpreading kasuetan –hau da, beste pertsona batzuen argazki intimoak birbidaltzea haien baimenik gabe–, gizarteak biktima erruduntzat jotzeko joera du, “horrelako argazkiak bidaltzeagatik”.

Bestalde, sare sozialetan, gorputz-aniztasunari iseka egiten zaio, eta kritikatu eta indarkeriaz hartzen da. Pertsona horiek jasaten duten jazarpena ikusteko, jende beltzaren, lodiaren edo LGTBIQ+ kolektiboko lagunen argitalpenetako iruzkinak irakurri besterik ez dugu egin behar, zergatik-eta gizartean onartuta dagoenaren parte izan gabe existitzeagatik. Ezin ditugu ahaztu askotariko gorpuzkerarekiko indarkeria-mota horrek izan ditzakeen ondorioak, batez ere nerabeengan. Elikadura-jokabidearen nahasmenduak, dismorfia edo autoestimu baxua oso ohikoak dira, eta, neurri handi batean, ziberindarkeria-mota horren ondorio dira.

Amaitzeko, funtsezkoa iruditzen zait sareetako aktibismoa aipatzea. Ziberindarkeriei buruz hitz egiten denean, sare sozialak kriminalizatzeko joera dugu, baina, azken finean, sare sozialak komunikatzeko bitarteko bat baizik ez dira, eta hedabide horretan ikusten dugun indarkeria pertsonek erabiltzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da, besteak beste, feministak, LGTBIQ+, arrazakeriaren aurkakoak edo body positive diren aktibistak bilatzea eta erreferente gisa izatea, haiek erakutsiko baitigute sare sozialen alde onuragarria eta aberasgarria. Arreta gazteengan jartzen badugu, zalantzarik gabe, horrelako erreferenteak behar dituzte, aurkako ingurune batean –ingurune digitala batzuetan horrelakoa baita– seguru sentitu ahal izateko.

ITZIAR ERRASTI

Back To Top

#SexualitateaGorpuztasunaetaTratuOnak

Dokumentu hau prozesu parte-hartzaile eta kolektibo baten emaitza izan da. Prozesu horretan espazio digitalen inguruko jakinduriak, sentipenak eta esperientziak partekatu ditugu, baita ikusteko (se), entzuteko (se), hausnartzeko, laburtzeko eta eragiteko lurraldeak ere.

Social