Burlesquea, sedukzio- eta ahalduntze-tresna gisa

Burlesquea, sedukzio- eta ahalduntze-tresna gisa

Zergatik erabili burlesquea terapia gisa zeure burua esploratzeko eta zeure sedukzio-potentziala aurkitzeko, eta zer harreman du gorputz disidenteek ziberindarkerien aurrean egiten duten borrokarekin? Galdera hori izan da tailerraren ardatza. Bertan, modua bilatzen dut emakumeak ahaldundu daitezen, beren gorputzaren irudi berri batekin, nahitaez perfektua ez den gorputz batekin, sentsual eta limurtzaile sentitzeko eta beren feminitate naturala, askea, garbia, sortzailea eta adierazkorra aurkitzeko.

Burlesquea arte inklusiboa da, ez du gorputzez ulertzen, eta ezaugarri mimetiko eta gehiegizkoak erabiltzen ditu gai batez iseka egiteko, edo, bestela, gizarteak onartzen ez duena goraipatzeko edota gizartearentzat esanguratsua dena gutxiesteko. Horrela, burlesqueak espazio seguru bat eskaintzen digu ibiltzeko, geure burua ikertzeko eta gure eguneroko bizitzan, gaitzespen sozialaren edo apalategi bateko artikulu soil gisa seinalatzen gaituzten etiketen beldur, izan ohi ez garen emakumeak izateko.

Parodia, gehiegikeria, pikardia, sentsualitatea, dotorezia… Horiek dira hain boteretsua den tresna hau elikatzen duten elementuetako batzuk, gure sentsualtasuna eta balioa aurkitzeko eta ahalduntzeko hain osoa egiten dutenak.

Burlesquearen munduan, ez dago erantzunik zer den erotikoa eta zer ez galderarako. Pertsona bakoitzaren erotikarekin jolasten da, ondokoarena ez bezalako gorputz batean bizi den izaki gisa hartuta, edertasun-kanonik jarraitu gabe. Ikuspegi feministatik eta autozainketatik landu dugu hori, eta tailer hau abiaburu bat da onarpenerako eta emakumea plazer eta isekaren xede gisa irudikatzen duen ideia eraisteko.

Mendebaldeko edertasun-kanonek gorabeherak izan dituzte, argaltasuna gaitzetsi, eta gaixotasuntzat ere jo baita. Bestalde, gorpuzkera handia zoriontasunaren eta oparotasunaren sinbolo gisa ikusten zen kultura eta gizarte askotan. XIX. mendean, berriz, komunitate medikoak lizuntzat jo zuen gizena izatea. Osasunarekiko kezka faltsu hori da, beste arrazoi askoren artean, diskurtso lodifoboaren oinarria, eta, gaur egun, gure ohituren ia % 100 kutsatzen du. Gorputz-kanon normatiboetan sartzen ez diren gorputzak gaitzesten dira –eta normatibotzat hartzen da komunitate medikoak hala izatea erabaki duena–, iraindu, arbuiatu eta baztertu egiten dira, eta halako moduz gizagabetzen dira, non gorputz horietan bizi garen pertsonei balio guztia kentzen baitigute.

Gizakiak lehentasuna eman ohi dio ongizateari, plazerari edo batek besteen gainetik arrakasta izateari: norberaren gozamena lortzeko xede hutsarekin, hurkoari kalte egiteko egarri horri. Ez gutxitan, gorpuzkera handiko pertsonak erakargarri gisa aurkezten dira zirku edo azoketan, beren gorputzak gutxietsiz, iseka eta erasoen xede bihurtuz, desberdinak izateagatik.

Zein da aldea gaur egun? Iraultza digitala eta pantailaren atzeko anonimotasunak sinbiosi bat sortzen dute online munduaren eta offline munduaren artean, eta, hor, bi aldeetatik erabiltzen dute indarkeria gorputz disidenteen aurka.

Gorputz disidenteek era askotako pertsonak hartzen dituzte barne, dagokigun hutsunea bilatu behar izan baitugu, baimena eta barkamena eskatuz, gure gorputzen kontra izandako kritiken eta intolerantzien aurrean. Nola borrokatu gure espazioa lortzeko? Burlesquea, performancea, dantza eta erotika erabiliz erresistentzia gisa.

Internetek eta sare sozialek dena irauli dute, eta bide eman dute orain arte izan ez diren pertsonen arteko harremanak izan daitezen. Hizpide dugun testuinguruari dagokionez, leihoa ireki diete milioika laguni zure gorputzaz iritzia eman ahal izateko. BAINA –hitz larriz– sare sozialak bozgorailua ere badira. Agertoki bat, ozen hitz egiteko eta ahalduntze eta onarpen pertsonaleko mezu hau partekatzeko, zure kezka berberak dituen pertsona baten ikuspegitik. Denok behar dugu ikonografia bat, irudi erreferente bat edo benetako pertsona bat, bakarrik sentitzen garenean harengana jotzeko.

Elkarrizketan esandako esaldi bat berreskuratuko dut: “zerbaiti izena jartzea existitu dadin”. Hori oso garrantzitsua da, garrantzitsua da gorputzen existentzia espazio guztietan normalizatzeko eta ikusarazteko. Horregatik, tailerrean, dantzaren mugimenduaren bidez egiten dugu topo, eta geure gorputzen gaineko kontrola lortzen dugu, errealitate digital intoleranteari aurre egiteko modua ematen digun indarra eta segurtasuna eskuratu ahal izateko.

Egia da sare sozialetan erreferenteak diren pertsonek beren burua gehiegi erakusten dutela –itu perfektu bihurtzen dira horrela–, baina, aldi berean, arreta eta ikusgarritasuna lortzen dituzte pertsona gehiagorengana iristeko. Nire ustez, “Hitz egin dezatela gaizki nitaz, baina hitz egin dezatela” esaldi famatuak ezin hobeto laburbiltzen du sare sozialetako aktibismoa. Zer da subertsiboagoa, gorputz eznormatiboekiko intolerantziaren aurrean, erotikatik jardutea eta, gainera, argitaratzea baino?

Tailerraren bidez, jasaten ditugun indarkeriak erakutsi eta haiek gainditzen irakatsi nahi izan dugu, indartsuago bihurtuz eta gure gorputzak errespetatuz, azken finean, azal horretan bizi baikara. Gure gorputzek jasaten duten tratu txar eta estres maila da adierazle nagusia, gaur egungo gizarteak normatiboaren arrastotik ateratzen den guztiaren aurka nola jokatzen duen ulertzeko.

Azken batean, burlesquea terapia gisa erabil daitekeen arte-modu bat da, norberaren onarpena eta sexualitatearen adierazpen osasungarria sustatzen baititu. Era berean, lagungarria izan daiteke pertsonek beren beldur eta aurreiritziei aurre egin diezaieten, eta gorputz eta itxuraren arloan ezarritako arau sozialei aurka egin diezaieten. Gainera, burlesquea ahalduntzen duen modu dibertigarria da lodifobiari eta pertsona askok pantailaren bidez egunero jasaten duten beste diskriminazio-mota batzuei aurre egiteko.

Gure gorputzak bizitzeko duinak dira eta, beraz, erotikaren eta desinhibizioaren ikuspegitik lan egin dugu: sentitzen utzi ez digutenagatik. Edertasun-kanonei aurre eginez: izaten utzi ez digutenagatik. Eta ikuspegi feministatik: bizitzen utzi nahi ez digutenagatik.

MARÍA ELGEZUA

Back To Top

#SexualitateaGorpuztasunaetaTratuOnak

Dokumentu hau prozesu parte-hartzaile eta kolektibo baten emaitza izan da. Prozesu horretan espazio digitalen inguruko jakinduriak, sentipenak eta esperientziak partekatu ditugu, baita ikusteko (se), entzuteko (se), hausnartzeko, laburtzeko eta eragiteko lurraldeak ere.

Social