Hautsa astindu behar diegu gure ispiluei
Naiarak dio begi-zuloak dituen ile kizkurreko neska dela, besterik gabe. Txikitan onartu zuen ez zela polita, eta lasaituta hartu zuen arnasa, nota onak ateratzen zituenez, bizkorra zela esaten ziotelako. Azken urtean Euskadi osoan unibertsitatera sartzeko proban kalifikaziorik onenak lortu dituzten gazteetako bat da, eta, ederra bada ere, nekez begiratzen dio bere buruari ispiluan; horregatik, saiatzen da trapuarekin ez garbitzen. Hautsez estalita nahiago du, horrela, bere burua ikusi beharrean, sumatu egiten baitu.
Islarekiko harremana bihurria izan daiteke, pertsona beltz eta/ edo afrikarren ondorengoak garenez, geure burua gorrotatzen irakatsi badigute, edo —zorionekoa izanda, eta soil-soilik dekonstrukzio-lan latza egin ondoren— erdizka, egun batzuetan, zatika eta tarteka geure burua maitatzen erakutsi badigute.
Horiek horrela, Naiararen diskurtsoa ez zen berarekin hasi, bera jaio baino askoz lehenago baizik. Bere amak edo amonak argia ikusi baino lehen ere bai. Mende batzuk lehenago bilbatu zen, gizakitzat ere hartzen ez zen izakiengan edertasuna ezin antzeman zitekeen garai batean. Hain zuzen ere, horregatik hipersexualizatu zituzten, horregatik eta azala ezkutatu eta naturala zena lotsagarri bihurtu nahi zuen judu-kristautasunak zeharkatu gabeko beren leku beroetan6 aurkitzean zuten biluztasunagatik. Gizonezko zis beltzak instintu geldiezineko piztiatzat hartzen eta kontatzen zituzten; zaindu egin behar ziren, emakumeen gainera oldartu eta bortxatu ez zitzaten. Babestu beharreko emakumeak zuriak, zisak, orbangabeak, errugabeak eta haragiaren arriskuen beldur ziren. Emakume beltzak, berriz, zurien ifrentzua ziren: beti eskuragarri zeuden limurtzaile zitalak, beren esentzia lizunarekin gizon zuriak bekatu egitera bultzatzen zutenak.
Gorputz beltzak gizagabetzeko prozesua muturrekoa, eraginkorra eta behin betikoa izan zen. Pixkanaka, milioika gizaki gizatasunik gabe utzi zituen arrazakeria gizarteko geruza guztietan sartu, eta interakzio orotan barneratu zen. Hala ere, agian ondoen egiten asmatu zuena garaietara egokitzea izan zen, bere forma aldatuz ez desagertzeko.
Lehenik, arima kendu zien afrikarrei. Arimagabeak ezin ziren pertsona izan, garai hartan erlijio katolikoak pisu handia baitzuen eta dena ikusten baitzen bere lentearen bidez. Arimarik gabe, esklabo bihur zitezkeen, zera besterik ez baitziren: lanerako baliagarriak ziren gorputzak, sentimendurik, nahirik, oinazerik eta grinarik gabeak. Abia Yalako jatorrizko biztanleei indarrez ebatsitako lurra lantzeko beso sendoak besterik ez ziren, eta lehortu arte erditzeko gai ziren bagina aseezinak, besoak eta besoak eta besoak…
Ba al zegoen edertasuna sartzerik testuinguru horretan? Ziurrena ez, baina desira bai. Desira gordin, torturatzaile eta bortitza, baimenik gabea, ezkutuan asetzen dena, plazer indibiduala eta norabide bakarrekoa bilatzen duena jabetzak ematen zuen eskubideari esker. Tira, bortxaketa eta erantzuteko edo defendatzeko ezintasuna emakume zis beltzen kasuan. Bortxazko sexu-topaketa horien ondorioz izan zituzten umeei “mulato” deitu zieten, horretara baitzetozen mundura, mando (“mula”) gisa lan egitera.
7 “Mandemeak” esklabo bihurtzen jarraitzen zuten, baina, odol zuria zutenez, uste zuten ez zirela hain piztiak, hain itsusiak, eta beharbada pixka bat gizatiarragotzat joko zituzten, haien odolean gene zuriak baitzeuden. Horregatik, batzuk landatik atera, eta jabeen etxeko lanetarako erabili zituzten. Horrela, haien izaera ukatzen zuten familiakoek hurbilago zituzten, eta etekina atera zezaketen gorputz arbuiatu, desiratu eta bortxatu horietatik.
“Mestizoak, odola lodiagoa dutenez, gainerakoak baino sutsuagoak omen dira”, idatzi zuen Maryse Condék Desirada liburuan, bere uhartean, Guadalupen, eta Karibeko iruditerian zabalduta zegoen pentsamendu bat jasoz.
Garai hartako gizarte europarrak orduko artista handienetako batzuek margotu zituzten irudien bidez erretratatu zuen bere burua. Lan horri esker, gaur egun, Historiako liburuek ezkutatzen digutena ikus dezakegu: esklabotzaren gaitza eta arrazakeriaren zabalkundea Espainian, amnesikoa izatea eta ikastetxeetan erabiltzen diren testuliburuetan ez kontatzea erabaki baitzuen. Espainiako pinakoteka handi batzuetako koadroetan bi motatako pertsona beltzak daude: baltasar exotizatu, eder eta dotoreak, lumaz eta kolore biziz apainduak; eta esklabo bihurtutakoak, hau da, gehienak. Haien proportzioak txikiagoak dira (Karlos VII.a Napolikoa, etorkizuneko Karlos III.a Espainiakoa, anonimoa), eta beti egoten dira obraren behealdean edo atzean (Rubensen Kalisto eta Diana), bigarren edo hirugarren planoan, hain atzean non haien azal iluna hondo beltzekin nahasten baita, eta arretaz begiratu behar baita hor daudela egiaztatzeko (Frans Halsen Familia-taldea paisaia baten aurrean). Oso adibide grafikoa, komunitate bat ikusezin nola bihurtu erakusteko.
Ikusezina dena ezin da ederra izan, baina groteskoa bai.
Hala ere, arte plastikoak ez ziren garai hartako lekuko bakarrak izan. Ikusten dugunak gure pentsaera eta hizkera baldintzatzen duen bezala, hitzek ere irudiak sortzen dituzte burmuinean. Hona hemen Quevedoren ahapaldi batzuk, Boda de negros lanekoak:
Vi, debe haber tres días,
En las gradas de San Pedro,
Una tenebrosa boda,
Porque era toda de negros.
Parecía matrimonio
Concertado en el infierno:
Negro esposo y negra esposa
Y negro acompañamiento. (…)
Iban los dos de las manos
Como pudieran dos cuervos,
Otros dicen como grajos,
Porque a grajos van oliendo.
Ezer ez da betiko. Ilustrazioa zabaldu zenean, arimak garrantzia galdu zuen, edo ez zen hain garrantzizkoa, behintzat. Orduan, garezurrak eta genitalak neurtzeko txanda iritsi zen. Naturalistak entretenitzen ziren beren sorterritik atera eta hurbiletik aztertzeko metropolietara eramandako jende biluzia marrazten. Hala eguzkiak kiskaltzen zuenean, nola hotzak gogoa ere izozten zuenean, garrantzitsuena aurkikuntza batzuk dokumentatzea baitzen. Gaur egun, badakigu okerrekoak zirela, eta haien teoria arrazistak berresteko baizik ez zutela balio, zurien eta, haien begien aurrean, zuriak ez izateaz gain pertsonak ere ez zirenen arteko ustezko desberdintasun ebolutiboei buruzko teoriak. “Zientzia” hori desberdintasunaren konplizea izan zen. Lehen etapan, espiritualtasuna kendu zieten afrikarrei, eta pentsatzeko gaitasuna ere bai; muskulura (vs garuna) eta potentzia hipersexualera murriztu zuten haien gaitasuna.
Giza zirkuen eta zooen urrezko aroa izan zen. Sara Baartmanek, Ota Bengak eta Banyolesko Beltza deitutakoak pairatu zuten, beste askoren artean. Horrela, harik eta XXI. mendearen hasiera arte, orduan, azken hori Afrika australera aberriratzearekin batera, horrelako ikuskizun gaitzesgarriak amaitu baitziren.
Edertasuna ez zen posible burdin hesien atzean itxi edo beira-arasetan erakutsitako azpigizakiengan, baina desira bai, azal-kolore desberdina izateagatik desberdin irakurtzen ziren gorputzen fetitxizazioz, kosifikazioz eta exotizazioz beterik.
Zoritxarrez, indarrean dirauen herri-sinesmenean, mota horretako pentsamenduek eta zer neurritaraino den egia esperimentatzeko morboak iraun egin dute. Eta, itxuraz, beltzei onartutako gaitasun bakarra sexualitate sutsua denez, komunitate bereko pertsona batzuk mitora mugatzen dira, eta ezin dira mitotik harantz baloratu, mende eta mendeetan etenik ez duen narratiba astun hori jasan ondoren. Hedabideek betikotu egin dute, haietan jende beltza agertzen den kasu urrietan estereotipoa indartuz. Haien begiradak orainaldi jarraitu moduko batean geldiarazitako jende beltza besterik ez du erakusten; badirudi iritsi besterik ez duela egiten,10 iritsi, ontzi urrietan iritsi ere. Ez diete pertsona ere deitzen, “migratzaile” baizik, berriz ere gizatasuna kenduz. Jende hori ez dugu inoiz ikusten helmugan dagoenean bizitzen. Egunerokotasunaren narratiba falta da, hemen bizi direnena eta ahal duten zereginetan lan egiten dutenena, auzoetan bizi eta auzokide direnena. Bestalde, salbuespenaren diskurtso mediatikoa sartzen da. Emakumeen kasuan, positiboki egituratzen da, eta zerbait egiten duten lehenengoak erakusten dira, “haiek bezalakoak” direnentzat ezinezkoa zirudiena (galarazita zegoelako) lortzen dutenak. Negatiboan, arropa gutxi daramaten emakume nigeriarrak agertzen dira, parkeetan edo plastikozko aulkietan eserita, bezeroen zain. Salerosketaren biktima dira, budu-zeremoniak egin ondoren jatorrizko herrialdean harrapatuak. Apartekoak eta aitzindariak edo salerosketaren biktimak ez diren emakumeak ez aipatzea mezu bat da berez.
Gizon beltzen kasuan ere errepresentazio-bide bikoitza dago: kriminalitatearena edo, positiboan, heroitasunarena. Horren adibide dugu Bilbon gizon zuri bat salbatzeko bere burua itsasadarrera bota zuen mutil senegaldarra. Berehala abiatu ziren kanpainak, gazteak nazionalitatea lor zezan. Horren ondoriozko mezua da gizarteak migratzaile on gisa irakurritako horrek, portaera eredugarria duenak, superheroia denak baizik ez duela merezi egoera administratibo erregular batek dakartzan eskubideak edukitzea.
Aurreko guztia abiapuntutzat hartuta, zineman edo telesailetan pertsonaia beltzak harreman afektibo batean ikusi ditugunean, gizonezkoek “perfektuak” izan behar dute onar zitzaten, mesfidantzaz onartuta ere. Sidney Poitierrek paper hori egin zuen Ezetz asmatu nor datorren afaltzera filmean: gizon beltza zen, BAINA trebatua, BAINA lan ona zuen, BAINA eder-ederra zen, BAINA manera bikainak zituen.
Emakumeak, berriz, eder-ederrak dira, baina zuritutako patroien azpian daude. Horrek esan nahi du beltzak direla, bai, baina argiagoak, ile lisoarekin edo, bestela, hain kizkurra ez den ilearekin, edo zuriek dituztenen antzekoak diren ezaugarriekin. Horrek eredu estetiko bat markatzen du belztasunaren barruan, zeinak erdizka bakarrik baimentzen duen eta gorputzean bertan esku hartzen duen belztasuna ezabatzeko. Hori dela-eta, Photoshop edo argiztapena erabiltzen da larruazalaren tonu batzuk argitzeko, edo, okerrago dena, krema despigmentatzaileak baliatzen dira; halakoek eguzki-erradiazioaren aurkako hesi naturala desagerrarazten dute, eta dermisa erabat argaltzen, hainbeste non, gero, ebakuntza kirurgiko bat egin behar izanez gero, zaila baita jostea. Beste ondorio bat da emakume batzuek ilea leundu behar izatea lozio gogorrekin, edo luzapenak jarri behar izatea, ez haiek hala aukeratuta —izan ere, hala bada, primeran, bakoitzak nahi duena egiten du—, baizik eta behartuta, egoera batzuetan ile kizkurra txar, ez oso dotore, ez profesional eta desegokitzat hartzen baita.
Aurrekoaz gain, sexyak eta kalteberak izan behar dute, eta, beraz, gizon zuriak diren beren bikoteek salbatzeko modukoak. Hori ageri-agerian dago Palmeras en la nieve filmeko protagonisten arteko harremanean, Allí abajo (bera “mulata sexy” bat da, aldakak haizearen abiaduran mugitzen dituena, eta, Latinoamerikako migratzaile on bati dagokionez, Peio protagonistaren ama zaintzen du; eta Peio, berriz, lotsatia da, eta bere sentsualitatearen aurrean urtzen da) eta Mar de Cristal serieetan (gizonezko pertsonaia nagusiak kapituluen erdia ematen du negutegian lan egiten duen neska beltz ederra erreskatatzen eta arazoetatik ateratzen).
Eraikuntza horiek guztiak espetxeak dira, eta presoek leku erosotzat har ditzakete, giltzapetuta daudela ez badakite; beraz, ad infinitum performatzen dute beren inguruak interpretatzea baimentzen dien rol bakarra. Sinetsarazi diete ezin direla beste ezer izan, eta poztu egiten dira besteen gustukoak direla eta erakartzen dutela ikusita; irudimenak utzi dizkien soberakinak jasotzen dituzte: gutxirekin edo ezerekin konformatzea.
Maryse Condé idazleak berriro ederki laburbildu zuen esaldi hauekin Desirada liburuan:
“Inortxok ez zuen hura desiratzen. Eskolako edo auzoko mutilek begiratu ere egin gabe egiten zuten aurrera”.
“Azkenean, gizon bati bere gorputza interesatu zitzaion. Besteek beti mespretxatu izan zutena balioesten zuen, nahiz eta, egunez, Stanleyk ezikusia egin”.
Kateak hausten direnean, ondorioak egoten dira. Nia Correiak, Operación Triunfo saioaren edizioetako baten irabazleak, erabaki zuen finalean bere ile naturalarekin agertzea, eta mezu asko jaso zituen Twitter-en bere kontra. Instagramen agertu zen erantzuna, bertan kanpaina bat sortu baitzen #mipelomola traolarekin: dozenaka beltzek argazkiak atera zituzten, kizkur-koroak harro erakutsiz eta ederrak direla frogatuz.
Sare sozialak, zalantzarik gabe, gorrotoaren eta irainen zabortegi bat dira, eta, horrez gain, “regenarratibak” (narratiba birsortzaileak) hedatzeko espazioa ere bai. Parte hartu nuen hitzaldi batean, batek termino hori erabili zuen, eta, nire ustez, egokiagoa da “kontranarratiba” baino. Azken horrek hegemonia erdigunean jarri, eta erantzun egiten du; lehena, berriz, hutsetik abiatzen da. Uste dut hitz horrek ez dituela batzen bazterretan bizi diren pertsonak erreplika hutsean, baizik eta beren agenda eta sorkuntza propio eta libreak onartzen dituela, eta ez defentsa-ezkutu edo erantzun gisa.
Ildo horretan, izaten ari diren regenarratiben kopurua izugarria eta zoragarria da. Pinturatik abiatuta egiten ari da, Bianca Nguemaren Speaking Bodies adiskidetze-ariketa bezalako proiektuekin, non emakume beltz biluziak marrazten dituen eta elkarrizketa egiten dien haien gorputzarekiko harremanari buruz. Era berean, hor dugu Montserrat Anguianoren Reinas ere, errege-leinuarekin edo halakorik gabe, Mendebaldean gehiegi ezagutu ez arren zerbaite gatik nabarmendu diren emakume beltzak erakusten dituena. Tina Mbak kartoien gainean margotzen du; kalean dagoen material bat da, doan edo mihise bat baino merkeago ateratzen dena, eta ondo frogatzen du bitarteko faltak ez duela zertan geldiarazi behar ikusezin bihurtu direnen irudikapena eta sormena. La Flor del Tamarindo lanean, bere bizitza markatu duten emakume beltzak margotzen ditu, lagunak eta bizilagunak, eta egutegi bihurtzen ditu, igarotzen den hilabete bakoitzean ikus ditzagun. Oh Mercyk amatasuneko egoera arrunten marrazkiak erabiltzen ditu, baina, oraingoan, ama ez da zuria. Eta Nadine Mnemoik denetarik egiten ari diren eta makina bat lekutan dauden milioika emakume beltzen formak sortzen ditu.
Horiek adibide batzuk besterik ez dira. Fotografian, hauek ditugu: Agnes Essonti, Rubén H. Bermúdez, Nelida (The Worst Art), Asunción Lola, Angélica Dass, Sol Bela, Megane Mercury, Tina Alabama, Blue Spit, Okobe, Laurent Leger Adame eta Pisacielos. Bakoitzak gai bat eta irudikatzeko modu bat du: zenbaitek afro-ospakizunaren alde egiten dute, beste batzuek salaketa nahiago dute; batzuek Pantoneren kolpeekin desmuntatzen dute arraza, eta beste batzuek mundu berriak sortzen dituzte, non gure gorputzek gozatzen eta distiratzen duten eta, duten forma dutela, zalantzarik gabe, ederrak diren.