Takoiak iltzatuz: gogoetak eta baliabideak, dibersexfobiari eta sare sozialetako gorroto transfobikoariaurre egiteko
“Isiltasuna sekula ez da agertzen kalumnia eta difamazioaren erreplika gisa erabiltzen denean bezainbesteko nagusitasunez”.
Joseph Addison, idazlea eta politikaria (1672-1719)
Ez dut xisteratik untxirik aterako esaten baldin badut sare sozialen erabilera masifikatu egin dela azken hamarkadan, erraz eta doan eskuratu ahal direlako. Hiperkonektibitatea sekula baino ageriago dago, are gehiago belaunaldi gazteen artean, Interneteko sarbidea duen terminal batekin (edo gehiagorekin) koskortu baitira ia.
Testu honen helburua ez da Instagram, Twitter, TikTok eta antzekoak deabrutzea. Izan ere, dagoeneko ezin konta ahala dira horien erabilerari edo, hobeto esanda, gehiegikeriari lotuta unibertsoko gaitz guztien dekalogoak biltzen dituzten artikuluak, aldi berean sortzen ari diren zibilizazioko hondamendiari buruzko profeziarik ikaragarrienak azaltzen dituztenak. Era berean, ez ditut erromantizatu nahi. Gehiegi dira emakume eta, gainera, trans modura ikusarazten den emakume gisa nozitu ditudan gorabeherak.
Nolanahi ere, bat etorriko gara adierazteko sareak gehiegi erabiltzeak ondorioak izan dituela ezagutza, jarduerak eta balioak zabaltzeko eta komunikatzeko beste bitarteko bat bezala erabiltzen ditugunontzat: garai batean hedabide tradizionaletan ikusezinak ziren edo normalean agertzen ez ziren kolektibo eta komunitateen agerpena eta ikusgarritasuna –hala nola trans komunitatearena–, berdinen arteko harreman azkarra, komunikazio bizkorragoa, hizkuntzaren ekonomia eta ikus-entzunezkoetan oinarritutako zabalkundea, eta, era berean, gezurrak, fake news direlakoak eta muturreko iritziak zabaltzea, polarizazioa eta, ondorioz, hater eta trollen jarduera.
Hori esanda, gogoeta labur bat egin eta jarraibide batzuk eman nahi ditut egungo garai fobikoetan ager litezkeen arazoei aurre egiteko, esaera herrikoiak dioen bezala: hobe baita prebenitzea sendatzea baino. Edo umore sarkastiko eta purpurina pixka batekin: hobe takoia ondo iltzatzea emozionalki zabuka herren egitea baino.
1. Ez du nahi duenak kaltetzen, ahal duenak baizik, edo “haters gonna hate”.
“Steven Tyler ematen duzu. Hara zer morroia”.“Gizonezko bat zara, eta, gainera, gizonezkoa ematen duzu”.“Tratu txarren emailea eta erasotzailea zara”.“Puta izateko ere ez zenuke balio, gizajoa”.“Ez zara inoiz emakume izango, hain itsusia izanda”.“Gaixorik zaudete denok”… Horra hor urte hauetan niri edo transexualak diren beste emakume batzuei edota hegemonikoa ez den orientazio edo identitate sexuala duen jendeari sareetan eskaini dizkiguten “gozokerietako” batzuk.
Alabaina, irainak oso oldarkorrak izan arren, ikasi egin behar dugu erabateko ezetza ematen gure autoestimua boxeo birtualaren ringaren zerbitzura jartzeari, hor nahi bezala baitabiltza diskurtso LGTBI-fobikoak eta transfoboak. Hau baita ikasgai lehena eta baliotsuena: hitz batzuek min ematen dute, baina gure esku dago geldirik uztea, betiko trollei gu izorratzeko gustua eman gabe. Sareetan dagoen inork ezin du benetan jakin nor naizen nik baino hobeto. Eta ondotxo dakigu ederragoak, zoragarriagoak, kultuagoak garela… eta, gainera, arrazoi dugula.
2. Gorrotoaren aurrean, umorea, eta, ahal badugu, datuak: Batzuetan logikoa da sutan jartzea, baina, une jakin batean erantzutea erabakitzen badugu, mezu horiek antzeman eta laguntza eman dezakegu neutralizatzeko, eta haien hedapena saihestu. Sarkasmoz, ironiaz, umore beltzez edo, besterik gabe, umorez erantzun dezakegu. Egokia den daturen bat emanez gero, iraintzen gaituenari emandako erantzunak aho asko isilduko ditu.
Adibide bat (benetakoa): esaten badigute “Ez da harritzekoa zuri patologia mentalaren diagnostiko bat ematea. Burutik eginda zaude”.
Hau erantzun dezakegu: “Jakina, eta, gainera, ederki irabazia dut diagnostiko mentala; izan ere, lege batek behartuta, psikiatra batek adierazi behar du gaixorik nagoela patologia mental batekin, eta gorputza aldatuta baizik ezin da hartaz sendatu!” (2007an onartu eta 2023ra arte indarrean egon den Estatuko lege batek transexualitate-egoeran gaudenok behartu gaitu psikiatra edo psikologo kliniko batek emandako gaixotasun mentalaren diagnostiko hori jasotzera).
3. Albiste positiboak sortzea eta zabaltzea: Benetako informazioan oinarritutako edukia modu enpatikoan sortu eta zabaltzeak desaktibatu egiten ditu fake news eta gezurrak; TERF, hater eta trollak kikiltzen ditu, eta, gainera, pertsonalitate gizatiarragoa proiektatzen du nigan, berdintasun eta elkartasunekoa. Oso eraginkorra da zure sareetan jarrera baketsua, positiboa eta umoretsua izatea, hater edo trollak gogoeta egin dezan bere mezuen ondorioei buruz eta mezu horiek jasotzen dituzten pertsonei egin ahal dieten kalteari buruz. Mezuak argia izan behar du, eta errespetuz esan behar da, gorrotoari ez baitzaio gorrotoz aurre egin behar. Horretarako, beharrezkoa da sormena erabiltzea, ondo informatuta egotea, gai izatea diskurtso polarizatzaile edo gorrotozko bat detektatzeko.
“Transexualidad: transiciones, detransiciones y arrepentimientos en España”1 azterlaneko adibide bat (benetakoa): “Trantsitua hasten dutenen % 2 baizik ez da lehenagoko egoerara itzultzen”.
4. Iruzkinik gaiztoena salatzea, blokeatzea, ezikusiarena egitea edo like sakatzea: Egia da gorroto-diskurtsoaren xede diren pertsonen erreakzio gehienak hauek direla: blokeatzea, salatzea edo isilaraztea. Hala ere, aurrekoa bezain egia da zuri bidalitako iruzkinik gaiztoenaren aurrean isiltasun erabatekoak edo ondo sakatutako like batek, noizean behin, zur eta lur utziko dituela gogo handiz zuri min eman nahi dizutenak.