Hezkuntza eta itxaropena
Orain hurrengoan, Bartzelonako taberna bateko mahai hotz batean, Jeffrey Abé Pans lagun, erreferente eta aktibista panafrikanistak, elkarrizketa baten erdian, berezkoa duen izaera amultsuarekin: “orain badira ezein idazlek idatzi gabeko liburuak.”
Eta neure baitan irribarre egin eta eskertu egin nuen halako une batean han egotea, hark jakin gabe nire baitan oroitzapenen tsunami bat hasi berria zela. Hezkuntzak testuinguru informaletan duen garrantzian pentsatu nuen, eta nola pertsona bakoitza eragile hezitzailea den, aldaketarako eta eraldaketarako eragilea. Haurtzaroko nire memorietara joan nintzen zuzenean, nahasketa abisalen habia bihurtutako pertsonatxo xalo harengana. Ez dakit bizi izan duzuen periferia sentitzearen sentimendua, periferia pertsonifikatzearena, baina hain hutsune handia uzten du, non batek bere burua anputatzen duen. Izan ere, batek bere burua anputatu, mutilatu, ebaki, erauzi egiten du, segaz jotzen du existitzeko modu jakin bat zentralizatzen duen gizarte hierarkizatu batean egokitzen ez dena.
Garai hartan, publizitatean, eskolan, liburuetan agertzen ez zena edo modu negatiboan baino agertzen ez zena ikusten nuen nire etxean. Eta esaten nuen neure artean: “hori ez da ona zuretzat”. Eta taburete deserosoa okupatzen nuen gizarteak arbuiatzen zuen hori maitatzearen inkoherentzian. Egunero bere gorputzak lotsa sortzen duen emakume bat besarkatzean. Ukaezina ukatzean. Lehendik ikusezina zena ikusezin bihurtzean.
Eta aukeratzeko bideari ekin nion, Nothombek dioen bezala: “bizitzeak errefusatzea esan nahi du. Dena onartzen duena komuneko hustubidea bezala bizi da”. Eta neure sustraiak arbuiatu nituen, horrela nire asimilazio prozesua hasiz. Eta hori aitortzea, horri izen bat jartzen jakitea, bizi izan ditudan egoerei heltzeko modurik eraginkorrenetako bat da. Izendatzen ez dena ez da existitzen.
Nerabezaro asaldatu baten eta etengabeko talka kulturalen ondoren erabaki nuen unibertsitatera joan beharko nuela norbait izateko, ikasteko, benetan ikasteko. Eta oker, ni banintzen norbait jada. Baina botere menderatzailearen gidalerroak hain dira handiak, non bat beraiekin lerrokatzen den eta jarraitu egiten dien. Hobe da unibertsitatera joatea ez joatea baino, hobe da iparralde globalean jaiotzea hegoaldean baino, hobe da modu homogeneoan maitatzea egon daitekeen maitasun-aniztasuna onartzea baino, hobe da… Eta jaiotzen garenetik programatzen gaituzte dagokigun lekua har dezagun, pribilegio-zapalkuntza egiturak erreproduzituz. Gizarte Hezkuntza ikasten hasi nintzen, pentsatuz neure burua salbatuko nuela eta mundua basakeriatik salbatuko nuela. Hain tolesgabea izan nintzen eta izaten jarraitzen dut, batzuetan. Konfiantza izanik hezkuntza hori soilik izango zela. Ez nekien bi ahoko ezpata zela, eta, haren izena erabiliz, zaindu eta kontrolatu egin zela, ez bakarrik lagundu eta eraldatu.
“Orain badira ezein idazlek idatzi gabeko liburuak”; horrek gogora ekartzen dit ez direla hezkuntzaren profesionalak hezten duten bakarrak Nire amonak, hazpegi markatukoa eta izaera ulerkorrekoa, bizitza maitatzen irakatsi zidan. Nire amak, erresilientzia gorpuzten duen emakumeak, pertsona bakoitza mundu bat dela eta mundu bakoitza modu ezberdinean ulertu behar dela ulertzeko hazi ninduen.
Nire arrebak, kritikari eta sentibera, hermetikoki ordenatuta eta kategorizatuta nahi gintuzten etiketak zer ziren jakinarazi zidan, pertsona batzuentzat beti biluziegi eta beste batzuentzat estaliegi joango nintzela ikusarazi, izaki hibridoa nintzela dikotomien munduan. Eta Juls, Iraia, Jenabou, Ivan eta beste hainbat lagunek biluzten erakusten didate, guri tatuatzen saiatu ziren zama arrazista, kapazitista, matxista, transgorrotatzailea eta abar kentzeko beldurrik ez izaten. Gizarte-hezitzaile gisa egiten dudan praxian egunero barneratzen zaizkit ikasgaiak eta ikaskuntzak, baina, batez ere, ehuntzen jarraitzeko gogoa dut, denaren erdigunean bizitza kokatzeko, eta ez bizitza soilik, bizitza duina baizik.
Nire hezkuntza ezin da neutrala izan. Ez da. Politikoa da, ideologikoa. Ez ditu gutxiengoak ahaztu nahi, ez ditu itota mantendu nahi ezarritako araudia leherrarazten duten errealitateak. Ezin dut eta ez dut nahi iraultza deskafeinatu batean parte hartu, eta nire tresna “ona” dela ikasitakoa desaktibatzea eta traizionatzea da.
Nire hezkuntza ezin da indibiduala izan. Ez da. Kolektiboa da, komunitarioa. Ez du kontakizun bakarra mantendu nahi, ez ditu alde batera utzi nahi izaki sozial gisa bizi gaituzten erantzukizunak. Ezin dut eta ez dut nahi osatzen dugun indarkeriazko gizarte batean parte hartu, eta nire tresna itxaropena izatea eta (des)ehuntzea da, kalterik ez egiteko.
Egiturazko arazoei egiturazkoak diren erantzunak eman behar dizkiegu. Eta birtualtasunean ikusten dut aukera bat ikusgarri izateko, erreferenteetara hurbiltzeko eta kolektibitate digital kritiko bilakatzeko. Gizarte-eraldaketa modu horizontal, transbertsal eta dimentsio anitzekoan habitatzeko beharrarekin. Sareen barruan eta sareetatik kanpo.
Egunerokotasuna da horretarako dugun aukera. Afektibitatetik, samurtasunetik eta maitasunetik eraldatzeko dugun eskubidea betetzekoa. Sua izatekoa eta zapaldua den hori aldarrikatzekoa ere bai. Ahal izatekoa. Hain sinplea izaki, loturarik gabe, mozalik gabe, hilarririk gabe, katerik gabe. Izan. Gure aurreko belaunaldiek kendu, lortu eta landu duten horri balioa eman. Eta ehuntzen jarraitu, datozenei mundua, bizitza ulertzeko eta irakurtzeko beste modu batzuk eskaintzeko..
Eta onartu, horrelako gizarte batean, Susy Shock parafraseatuz, nahiago dudala munstro bat gehiago izan, normala baino, normatiboa.